Hezkidetza proiektua: berdintasunaren aldeko estrategia

ni una menos

 San Adrian BHIren Hezkuntza Proiektuaren helburu estrategikoetako bat hezkidetza da: “Gure ikasleak heztea giza eskubideekiko, balio etikoekiko eta askatasunekiko errespetuan, sexu, arraza, orientazio, klase, kultura, jatorria edo erlijioagatiko gaitzespen- edo diskriminazio-jarrerak saihestuz”.

 Helburu hori indarkeria matxistak prebenitzeko eta sexismoaren aurrean sentsibilizatzeko hainbat ekintzatan zehaztu da azken ikasturteetan. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: bizikidetzaren behatokia, BAT taldea, irakasleei eta familiei zuzendutako sexu-aniztasuna, sexualitatea eta tratu onei buruzko prestakuntza-ekintzak (Médicos del Mundorekin antolatuak), ziberbullyingaren prebentzioa eta ikasleen sexu-hezkuntza, kanpoko eragileekin lankidetzan. BAT taldeak  Berritzegunetik formakuntza jaso du, eta klaustroak ere bai.

   Gure Zuzendaritza proiektuan hezkidetza, esan dugun bezala, 3. helburuan dago sartuta,  eta horrela agertzen da: “Ikastetxeko giroa eta bizikidetza hobetzen jarraitzea, Bizikidetzaren eta Aniztasunaren Tratamenduaren Proiektua (Bizikasi) sustatuz eta hezkuntza-eragile guztiak inplikatuz, Bizikidetzaren Behatokia bultzatuz. Berdintasunerako eta Genero Indarkeriaren Prebentziorako Plana garatzea. Lehenengo ikasturtean, 2021-2022an, Bizikidetza eta Aniztasunaren Tratamendua proiektuaren  helburuak prestatzea eta zehaztea planifikatuta dago eta ondorengoetan haien garapena”.

   Esan bezala, ekintza horiek guztiak San Adrian BHIk hezkidetzaren alde egindako apustuaren barruan sartzen dira. Etengabeko hobekuntzaren ikuspegitik, gure ustez, estrategia hori sendotzeko beste urrats bat emateko unea da; izan ere, hainbat premia eta hobekuntza-eremu hauteman ditugu, plan integral baten barruan jorratu nahi genituenak, horiei bermeekin aurre egiteko baliabideak emango dizkigutenak.

   Aurkezten dugun proiektuak, beraz, hezkuntza-komunitate gisa planteatzen zaizkigun erronkei aurre egin nahi die. Erronka, funtsean, indarkeria matxisten prebentzioan laguntzea da, eta erronka osagarria, berriz, hezkidetzako praktika kritiko baterako lehen urratsak ematea.

  Urte hauetan egindako lana aitortzeak lan horren mugak onartzea ere badakar. Gure erdigunean, sozializazio-gune askotan bezala, matxismoa, LGTBIfobia, nortasunaren adierazpen ez-arauemaileak eta emakumeen aurkako indarkeria errealitate bat dira. 

  Errealitate horrek deseroso sentiarazten gaitu, eta, horren aurrean, beharrezkoa da etengabe, zeharka eta lankidetzan jardutea. Garatutako ekintzek sexismoaz eta indarkeria matxistez sentsibilizatzeko eta aintzatesteko lehen faserako oinarriak ezarri dituzte, baina jarraitu egin behar dugu proaktibitate handiagoko fase batera igarotzeko, non irakasleak, hasteko, sexismoaren eta matxismoaren prebentzioan eragile aktibo eta kritiko  izatera iritsiko garen.

 Gure helburu estrategikoak lortu ahal izateko behar batzuei aurre egingo diegu proiektu honen bidez: 

  • Gure ikastetxean sexismoak duen presentziari buruzko diagnostikoa egitea (kultura, praktikak,  jarrerak eta sinesmenak), bai eta horri emandako erantzunak ere.
  • Irakasleak eta ikasleak berdintasunaren, genero-ikuspegiaren eta aniztasunaren garrantziaz sentsibilizatzea.
  • Gure praktika pedagogikoan eta ikastetxeko kulturan genero-ikuspegia txertatzeko tresnak ematea.
  • Garatu beharreko ekintzak proiektuan kokatzeko esparru logikoa eta antolakuntzakoa ematea.
  • Genero-ikuspegiaren zeharkakotasunaz eta intersekzionalitateaz jabetzea, hezkidetza-praktika San Adrian BHIko espazio guztietara eramateko.
  • Familiak eragile laguntzaile gisa inplikatzea.
  • Hezkuntza-komunitateari, ikasleei arreta berezia eskainiz, intersekzionalitatearen ikuspegitik erreferentziak eta irudikapenak eskaintzea.
  • Tratu onak lantzea, hezkuntza-komunitatearen adierazitako eta sentitutako beharrak entzunda.

Esteka honetan proiektua irakur dezakezue. Zuen partaidetza eta iradokizunak ongi etorriak izango dira.